Hezkuntza arautuan, ez-arautuan zein herrigintzan erabili ahal izateko gida didaktikoak eta material osagarriak bildu ditu Bizipoza Elkarteak bizipozaeskola.eus webgunean. Adin eta maila guztietara irekia, koloretako betaurrekoak jantzi eta norbera eta norbere ingurua zipriztintzeko gonbitea luzatu dute.
Denona eta denontzat izango den Euskal Herria eraikitzeko bidean, behar bati erantzuteko sortu da Bizipoza Eskola: Hezkuntza inklusiboa. Hezkuntzaren eta Bizipoza elkartearen arteko harremana aspalditik dator eta ekarpen praktiko bezain garrantzitsu eta beharrezkoa egitera dator Bizipoza Eskola.
Zergatik sortzen da Bizipoza eskola?
“Elkarteak sortzen diren arrazoi berdinagatik. Behar bat dago. Badaude haur eta familien eskubide batzuk bete gabe daudenak eta horren aurrean familiak edo norbanakoak elkartu egiten dira horri aurre egiteko. Guk gauza bera egin dugu. Gai ezberdinetan aritu eta adituak bildu ditugu eta gida hauek sortu ditugu elkarrekin, Bizipozaren baloreekin zipriztintzeko norbera eta bere ingurukoak”, azaldu du Nerea Godoy Fuentesek.
Webgunean hainbat material bildu ditugu: gida didaktikoak, material osagarriak eta egutegia. Horiei esker, gai ezberdinak landu ahal izango ditugu: Norbere buruaren ezagutza eta taldekidetasuna; genero rolak, identitatea eta transexualitatea; familia aniztasuna eta sexu orientazioa; heriotza; kulturaniztasuna; aniztasun funtzionala; gaixotasunak; eta boluntariotza.
GIDA DIDAKTIKOAK
Gai horiek guztiak hezkuntza arautuko hainbat mailatara bideratuta daude: HH, gela egonkorra, LH, DBH eta goi mailako hezkuntza. Hezkuntza ez-arautuan, berriz, hizkuntza-mailaren arabera sailkatuta daude gida didaktikoak. Maila guztietarako gai berdinak proposatu dituzte baina hizkuntza-maila bakoitzera egokitzen da jarduera oro.
Proposamena irekia da norberak bere testuingurura egokitu dezan. Jarduerak egokitzen dira Nafarroako eskola txiki batera nahiz Bilbo erdiguneko ikastola handi batera. Izan ere, Euskal Herriko lurralde guztietan 8 ikastetxerekin eta Leioako EHUko magisteritza eskolarekin proba pilotoak burutu dira. Horretaz gain, herrietan, aisialdi talde, euskaltegi eta beste hainbat eremutan ere bai.
Herrigintza atalari dagokionez, Euskal Herriko herri eta auzoetan Bizipoza dinamikak sortzeko baliabideak aurki daitezke. Adibide gisa, Lasarte-Oria herrian eta Bilboko Uribarri auzoan garatutako adibideak aurki ditzakegu webgunean.
Gehiago jakiteko: bizipozaeskola.eus
0 Comments